Zer da?

Corpus honek unibertsitateko esparru akademikoan egiten den euskararen erabileraren erakusgarri izan nahi du.

Corpusa elikatzeko lehen iturria Terminologia Sareak Ehunduz programan parte hartzen duten EHUko irakasleen testuek osatuko dute, alegia, irakasle horiek ematen dituzten irakasgaietan erabiltzen dituzten materialek: irakaskuntza-gidak, apunteak, aurkezpenak, ariketak, praktika-protokoloak eta azterketak. Dokumentu horiek biltzeari ezinbesteko deritzogu, egunero ikasgeletan egiten den euskararen erabilera errealaren berri eduki ahal izateko. Testu espontaneoak dira eta, beraz, erroreak eduki ditzakete. Nolanahi ere, funtsezkoak dira unibertsitateko irakasleek egunero erabiltzen duten terminologiaren eta fraseologiaren argazkia lortzeko. Helburua da ahal den eta irakasle gehienen eta ahal den eta irakasgai gehienetako testuak biltzea. Neurri handian espontaneotzat har daitezkeen testu hauetaz gain, nolabaiteko kontrol linguistikoa izan duten beste testu akademiko batzuk ere bildu nahi ditugu corpus honetan: EHUko ikasmaterialen sareko argitalpenak, itzulitako ikasliburuak eta bestelako materialak ere.

Azken helburua da iturri desberdinetako testu espontaneoetan eta kontrol linguistikoa izan duten testuetan egiten diren hizkuntza-hautuak konparatzeko aukera ematen duen corpusa osatzen joatea. Corpus honetan biltzen diren testuetako terminologia erauzi eta Terminologia Zerbitzurako Online Sisteman (TZOS) jartzen da kontsultagai. Hartara, Garaterm corpusa TZOSen bildutako terminologiaren testuinguruak edota termino-aldakien erabilera-maiztasuna kontsultatzeko ere erabili ahal izango da.

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude. Ikus lege-oharra